ARANZAZU HOTEL KATEAREN 50. URTEURRENA

02 October, 2015

Aranzazu Hoteles taldea, Euskadiko lehen hotel katea, 1965ean sortu zen, orain dela berrogeita hamar urte. Hain zuzen ere, Bilbon egitekoa zen burdinari buruzko kongresu garrantzitsu batek –garai hartako Bilboren bihotzak ponpatzen zuen minerala– agerian utzi zuen era honetako ekitaldiak hartzeko gai izango zen hotel baten beharra. Atutxa familiak erronka onartu eta bere lehen hotela zabaldu zuen: Aranzazu hotela. Atutxatarren espiritu ekintzailea ez zen hor gelditu, eta hotel gehiago zabaldu zituzten. Besteak beste, Bilboko Carlton hotela (*****) eskuratu zuten, Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zena, eta 1995ean monumentu arkitektoniko, historiko eta kulturala izendatu zutena.
Gaur egun, Carlton hotel arranditsuaz gainera, beste hiru hotelek osatzen dute katea: San Sebastián hotelak (****), Gipuzkoako hiriburuan kokatua; Abando hotel (****) modernoak, Bilboko erdigunean; eta Los Agustinos (****) hotelak, Errioxako Haro udalerri ederrean, klaustro ikusgarrian zazpi mendetik gorako historia laburbiltzen duen aterpe xarmagarria.
Bilbon sortua, Aranzazu Hoteles taldea gai izan da lurralde hauetan sustraitzeko, eta haren establezimenduak Euskadiko eta Errioxako bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalaren parte dira. Nolanahi ere, taldearen zinezko oinarriak Bizkaiko Arratia bailaran daude; zehazki, Arantzazu herrian, Atutxa familiaren sorlekuan. Koordenada espazial eta emozional horretatik, taldea sendotuz joan da berrogeita hamar urte hauetan, eta mende erdiko historia idatzi du, ezinezkoa litzatekeena gure bezeroen laguntzarik gabe, noizbait aukeratu gaituztenen konfiantza eta konplizitaterik gabe. Horregatik guztiagatik, bidea gurekin egiteagatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure 50. urteurrenean: eskerrik asko.